Parte hartu
Zergatik hartu parte OpenOffice proiektuan?
Askok Apache OpenOffice eta Apache Software Fundazioari laguntzeko dohaintza txiki bat eginez pozik badaude ere, (ekarpen guztiak eskertzen ditugu), erabiltzaile batzuek zerbait gehiago egin gura dute eta haien denbora edo/eta ezaguera eskaintzen dituzte proiektua aurrera eramateko.
Boluntarioek zio askorengatik hartzen dute parte OpenOffice-ren moduko kode irekiko proiektu batean. Hurrengoak dira ohikoenetariko batzuk:
- “Banaketa digitala” gutxitzen laguntzeko, mundu guztian kalitate handiko doako produktibitate-aplikazioak lortzea ziurtatuz.
- Haien nazio edo eskualdeetara OpenOffice-ren onurak eramaten laguntzeko.
- “Itzultzeko” zerbait kode irekiko proiektuei.
- Gaitasun berri bat lortu edo areagotzeko.
- Curriculum edo aurkezpen bat hobetzeko, proiektuan egindako lana ezagutaraziz.
- OpenOffice erabiltzen duen bezero edo enpresa bati laguntzeko.
- OpenOffice-rekin lotutako aholkularitza lanetarako egiaztagiriak lortzeko.
- OpenOffice-n beti egina ikustea nahi izan den zerbait bertan sartzeko.
- Ondo pasatzeko, munduan ospetsuen eta zaharrenetariko den kode irekiko proiektu batean nazioarteko harreman estuko boluntario-talde batekin lan eginez.
Jakintza-alor anitzeko kode irekiko proiektua
Ez duzu programatzailea izan behar Apache OpenOffice-n laguntzeko. Gure proiektuak trebetasun, inplikazio-maila eta esperientzia teknikoren gradu askoko pertsonak behar ditu. Beraz, Apache OpenOffice-n parte hartu gura baduzu, badago, ia ziur, zuretzako eginkizun bat.
Hurrengo eginkizunak beteko dituzten pertsonen bila gabiltza:
- Dokumentazioa Idatzi edo eguneratu
- Erabiltzaile berriei lagundu
- Programa aztertu eta akatsen berri eman
- Akatsak konpondu
- Kodean baliabide berriak sartu
- Artelanak eta beste marketin-tresna batzuk diseinatu
- Testuak beste hizkuntza batzuetara itzuli
- Webgunea mantendu eta garatu
- OpenOffice bultzatu, eta bere onurak azaltzen lagundu
- Egin behar dela ikusten den edozein gauza egin
Ekarpen horiek guztiek proiektua aktibo mantentzen eta komunitatea indartzen laguntzen dute. Parte-hartzea onartzen eta sustatzen dugu, eta jendeak parte hartzea ahalik eta errazena izatean saiatzen gara.
Zelan hasi
OpenOffice kode irekiko proiektu handi eta konplexu bat da, urte askotan zehar proiektu independente gisa garatutako kultura batekin, eta Apache-ren esperientziarekin konbinatuta.
Apache-ren moduko kode irekiko garapen-lanen ezagutza baduzu, zuzenean sar zaitezke, proiektu garrantzitsu baten posta-zerrenda batean harpidetu, eta zeure burua aurkeztu. Lagunduko dizugu martxan jartzen.
Ordea, Apache ezagutzen ez baduzu, edo hasteko modu metodikoagoa nahi baduzu, baditugu mailaz mailako Boluntario berriei orientatzeko modulu sorta bat, boluntario berrientzat diseinatuta eta Apache OpenOffice-ri eta bertan lan egiteko moduari buruz oinarrizko informazioa ematen duena.
Zein bide hartu, zuk erabakitzen duzu, hobespen pertsonalen kontua da. Biak ere, erabil ditzakezu.
Mantentzen dugu, halaber, boluntarioak behar ditugun arloez osatutako zerrenda bat gure Wiki-ren Laguntza behar dugu orrialdean.
Zure eskolako lanaren zati gisa proiektuan laguntzea nahi duen ikaslea bazara, mesedez begira gure Ikasleentzako aholkuak orria ere.